Gure naturguneak
Gune menditsu batek hiribildua inguratzen du, eta, horrez gain, Cadagua ibaiak zeharkatzen duen haran estua dago. Mendiek, basoek eta ibaiek bizitzaz eta kolorez betetzen dute ingurune naturala. Inguru paregabea da aire garbiaz gozatu eta zentzumenak pizten diren bitartean paseatzeko edo bizikletan ibiltzeko. Basoetan, hariztiak, artadiak, gaztainadiak, lizardiak eta haltzadiak dira nagusi, eta aukera ematen dute bertan galtzeko eta naturaz gozatzeko. Lizar loredunaren (Fraxinus ornus) basoa, Zoko Maitea izenekoa, nabarmentzen da, Euskadin parekorik ez duena; izan ere, Bizkaiko haritzik lodiena dago bertan (6,20 metroko perimetroa dauka).
Kolitza mendia (879 m) inguruko tontorrik altuena izateaz gain, Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat da. Egunero, mendizale eta txangozale ugariren bisita jasotzen du, paisaia natural ederraz eta San Roke eta San Sebastian baselizaz (erromanikoko benetako harribitxia) gozatzera etortzen baitira. Balmasedak fauna aberatsa du, hala nola bisoi europarra (Mustela lutreola), galtzeko arriskuan dagoen espeziea; igaraba (Lutra lutra); igel hankaluzea (igel iberiarra); sai zuria (Neophron percnopterus); zikoina zuria (Ciconia ciconia) edo Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi). Eta Cadagua ibaiaren goiko tartean amuarrain arrunta (Salmo trutta) bizi da.
Naturguneak
Ezagutu aisialdirako prestatuta ditugun naturguneak. Irisgarritasun handikoak dira, eta ezin hobeak ibilaldietan atseden hartzeko edo aire zabalean egun zoragarria igarotzeko.
BTT Ibilbideak
Balmasedako BTT ibilbideetan hiru zailtasun-maila daude, erabiltzailearen esperientziara egokitzeko. Ibilaldi guztiak zirkularrak dira eta horien zati gehiena pista eta bideetan egiten da. Ibilaldi urdina errazena da eta Pandozales auzorantz eta Kolitza errekak osatutako haranerantz eramaten du. Ibilaldi gorria pixka bat zailagoa da eta horren bidez, Arbalitza mendiko baso-pistetan barna egingo dugu. Azkenik, ibilaldi beltza adituenentzat prestatuta dago eta Kolitza, Ginea eta Garbea mendietako gailur-lerroetara eramango gaitu.
Mendi-bideak
Urteko edozein garai da egokia Balmaseda udalerrian dauden altxor naturaletako asko esploratzeko.Ibilbide ugarik zeharkatzen dute hiribilduaren ingurune naturala, eta, horien bidez, bertako ondare interesgarria ezagutzeko aukera izango duzu.
Nordic Walking
Nordic Walking Balmaseda zentroak martxa nordikoa egiteko lau ibilbide zirkular eskaintzen ditu, hainbat zailtasunetakoak, hala jarduera horretan hasi berriak direnentzat nola esperientzia gehiago dutenentzat.
Bide Ahaztua
Santiago de Compostelara daraman erromes-bide ospetsua Balmasedatik igarotzen da “mendiko ibilbidean”. Edertasun izugarriko tartea da, sentsazioz eta esperientziaz betea.
Kaleetako Mapa Deskargatu
