Gazteluko Muinoa
Hiribilduaren gainean soilik 95 metroko altuerarekin, kokapen geografikoagatik, muinoak kokaleku primitiboa oso-osorik menderatu eta babesten du. Kokalekua hegoaldeko hegalpean dago, eta han, Kadagua ibaiaren urekin topatzen da.
Hiribilduaren eta bailararen gaineko kokaleku estrategiko gisa, Gaztelaren itsasorako atea izanik, muinoa gaztelu-gotorlekua izan zen hasieratik, eta defentsarako eraikuntzen multzo batek osatzen zuen; haren nukleo nagusia muinoaren gainean zegoen, eta XIII. mendearen amaieran, gazteluaren defentsa-horma perimetralek muinoaren gainetik hiribildu osoa inguratzen zuten, eta ibaiaren uraldietatik ere babesten zuten.
Ordutik, Gazteluko Muinoak zeregin garrantzitsua izan du lurraldeko biztanleek bizi zituzten gatazka historikoetan, eta horiek eragina izan zuten defentsa-multzoaren morfologian; osaera hori aldatu egin zuten behin baino gehiagotan, eta Gerra Karlisten ostean, abandonatuta gelditu zen. Aurrerago, hiribilduko hormagintza-materialaren beharrak hornitzeko erabili zuten.
Ahaztuta gelditu zen; Balmasedako plaza gotortuak eta gazteluak hainbat ezbehar jasan zituzten, eta lur horiek hainbat garaitan kolpatu zituzten gatazkak erakarri zituzten, batez ere XIX. mende aztoratuan.
Orain, aztarna horiek, muinoaren ingurunearekin eta paisaiarekin batera, hiribilduaren iragana eta historia hurbila ulertzeko aukera gisa aurkezten dira; hiribildua Bizkaiaren ate nagusietako bat izan zen mendeetan. Kultura-, historia- eta paisaia-ingurune hori berreskuratu eta haren balioa azpimarratzeko, Balmasedako Udalak hitzarmen bat sinatu du duela gutxi Kultur paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrarekin (EHU), ondare-ondasun hori ezagutzeko azterlan eta proiektuak sustatzeko eta hori gizarteari hurbiltzeko, espazio soziokultural ireki, irisgarri eta dibulgatzaile berri moduan.