Balmasedako historia

Historian zehar bidaian

Mendien eta ibaiaren arteko kokapen pribilegiatua pasabide naturala da goi-lautadatik kostalderaino, eta faktore horrek hiribildu gotortu baten sorrera eta Gaztela eta Bizkaia arteko merkataritza-ibilbideak ahalbideratu zituen. Ondo kokatuta egotea oso garai goiztiarretatik izan zen erabakigarria; izan ere, erromatarrek galtzada garrantzitsuenetako bat eraiki zuten (Pisoraca-Flaviobriga). Galtzada horretatik, zerealak garraiatzen zituzten Tierra de Camposetik Kantauriko portuetara, eta bidaia horretan Balmasedatik igarotzen ziren.

Balmaseda izan zen Bizkaiko lehenengo hiribildua Lope Sanchez de Mena jaunak (Bortedoko jauna) 1199ko urtarrilaren 24an foruak eman zizkionetik. Logroñoko Forua emateak pribilegio juridiko, fiskal eta komertzialak ematen zizkien auzokoei, eta, beraz, hiribildua trukerako eta inguruko merkataritza-jardueran parte hartzeko lekua izan zen. Harresiz inguratutako Balmaseda haren testigantzarik zaharrena, hain zuzen ere, Zubi Zaharra da; aduana gisa funtzionatu zuen.

  Kantoietan dendak, mesoiak, artisau-industriak, errementaritzak, etab. sortu ziren, gremioetan. Horrez gain, komunitate judu garrantzitsu bat ere sortu zen, 1483an (Balmasedan Inkisizioa ezarri zen urtea) kanporatu zuten arte aurrera egin zuena. Ondoren, gerra-gertakari garrantzitsuek isla izan dute Balmasedako historian: Konbentzioaren Gerrak hiribildua lur-jotzean utzi zuen; Independentzia Gerrak kaos handi batean murgildu zuen (Napoleondar tropek Balmaseda erre zuten 1808ko azaroaren 8an); ondoren, Karlistadak iritsi ziren, hiribilduko egitura sozioekonomikoa suntsitu zutenak, eta, oraintsuago, Gerra Zibilean Kolitzako gudua gertatu zen, zeinetan 200 pertsona baino gehiago hil ziren. Joan den mendearen hasieran, trenbidearen etorrerak hiribilduaren berpizkunde ekonomikoa bultzatu zuen, industrializazio‑prozesuari hasiera eman ziona. Horri esker, Balmaseda probintziako herri nagusietako bat eta Enkarterriko hiriburu gisa sendotu da. Gaur egun, Balmaseda hiribilduak Erdi Aroko egitura mantentzen du, eta ibaiaren parean doazen luzetarako lau kale nagusi dauzka. Kale horiek berezi egiten dute hiribildua, eta iragan urrun bati buruz hitz egiten digute. Gal zaitez hirigune historikoko kantoietan eta plazetan, eta ezagutu gure monumenturik garrantzitsuenak.

Baliteke interesa izatea:

-Balmasedako iragana eta etorkizuna-